2009/10/26

HEZKUNTZA DEPARTAMENTUAREN ESKOLA 2.0REN AURKEZPENA



SARRERA
Jakintza gizarte aurreratuetan sortzen da, sarritan, pertsonaren eta makinaren elkarreraginez. Eskola 2.0 programak aurrerapauso handia dakar; izan ere, hezkuntzan Informazioaren eta Komunikazioaren teknologiak sartzen ditu. Jaurlaritzaren Kontseiluak 2009ko ekainaren 5ean erabaki zuen Euskadin programa hori sartzea, eta hori 2010. urteko ekitaldian ikusiko da Lehen Hezkuntzako bostgarren mailako ikasgelak guztiz digitalizatu, irakasleak software librea eta metodologia berriak erabiltzeko prestatu eta multimedia-edukiak egiten direnean.

HARDWAREA
Eskola 2.0 programako ordenagailuak miniordenagailu eramangarriak dira. 10”ko pantaila dute eta diskoaren edukiera 160 GBkoa, RAM memoria Gb 1ekoa da, eta 1.6 GHz-ko prozesatzailea, kontsumo gutxikoa.
Arbel digitalen ukimen-azalera 77”koa da, eta bertikalean mugitu eta hainbat altueratara iristeko euskarri bat dute. Gainera, bideo-proiektagailuari eta bozgorailuari lotuko zaizkie.
Era berean, armairu elektrifikatu bat egongo da gelako, miniordenagailu eramangarrien bateriak berriro kargatzeko eta garraio-poltsak biltzeko.

KONEKTAGARRITASUNA
Eskolako 2.0ko gelak hari gabeko sarrera-puntu bat izango du, gela barruan ekipo guztiak Interneti lotu ahal izateko. VLAN Wifi sare birtuala eratuko da, eta ikastetxeko VLANen arteko arauak definituko dira.
Konektagarritasuna segurtatzeko, sare-arkitektura migratzeko proiektu bat burutzen ari da Saila, eta horrek banda-zabalera handitu beharra dakar.

SOFTWAREA
Ordenagailu eramangarriak ikastetxeetan entregatuko dira, oinarrizko softwarea instalatuta dutela. Oinarrizko konfigurazioak abiatze bikoitza izango du: GNU/ Linux eta Microsoft Windows XP Profesional.
Bi sistema eragile horietan, gutxienez, ofimatikako softwarea (OpenOffice), nabigatzailea (Mozilla Firefox), antibirusa eta plataforma anitzeko bestelako aplikazioak instalatuko dira, eta horiek euskarazko eta gaztelaniazko bertsioak eskaintzen dituztenean lizentzia librean, lehentasuna emango zaie. Ikastetxeak uste badu egile-eskubideen legeak babestutako softwarea erabili behar duela, Hezkuntza Sailari eskatu beharko dio. Honek berriz, egoki irizten badio, lizentziak emango dizkio ikastetxeari. Guztiz debekatuta gertuko da jabetza intelektualeko eskubideak urratu dezakeen softwarerik instalatu eta erabiltzea.

EDUKIA
Interneten erabil daitezkeen materialen gida bat prestatu da eta Agrega sarearekiko loturak ezarri. Sare hori autonomia-erkidegoek eta Hezkuntza eta Zientzia Ministerioak partekatzen dugu, eta Espainiako hizkuntza ofizial guztietara itzulita dago.
Era berean, metodologia-proposamen guztiak aurrera ateratzeko material bereziak egongo dira.

PRESTAKUNTZA
Lehen Hezkuntzako 5. mailako tutoreek eta gela horietan sartzen diren Ingeles eta Pedagogia Terapeutikoko irakasle guztiek prestakuntza jasoko dute eskualdeka. Hiru mailatako prestakuntza planteatu da: oinarrizkoa, ertaina eta aurreratua. Horrela, prestatuko diren irakasle guztiek IKT gaietan duten trebetasun-mailara egokituko da. Berritzeguneetako aholkulariek prestakuntza hori ematen dihardute, ikastetxeek material informatikoa jaso baino lehenago. Irakasleak prestatzeko, gai teknikoak ez ezik alderdi metodologikoak ere oso kontuan hartu dira.

PROGRAMAREN KOSTUA
Programa honetarako 12.660.004,12 € jaso dira, miniordenagailu eramangarriak, arbel digitalak, armairuak, wifi konexioak eta garraio-poltsak erosteko. Kopuru horri irakasleentzako ordenagailu eramangarriak gehitu behar zaizkio eta konektibitatea handitzeko eta irakasleak prestatzeko ekintzen kostua.

TRESNEN DATUAK
Gelak, guztira, 539 dira ikastetxe publikoetan eta 401 itunpeko ikastetxetan.
Tresnak gelako: arbel digital interaktiboa, bideo-proiektagailua, bozgorailuak, armairu elektrifikatu metalikoa, miniordenagailu eramangarri bat ikasleko eta irakaslearentzako ordenagailua.
Ikasleek erabiltzeko, guztira, 18.159 ordenagailu entregatuko dira.

INFORMAZIOA ITURRIA: http://www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net/r43-573/eu/contenidos/informacion/eskola_bi_puntu_zero/eu_eskola20/eskola20_e.html#

No hay comentarios: